• Nekazari, teknikari eta ikertzaile talde batek bultzatzen du irabazi-asmorik gabeko proiektu hau. Atzo Zeraingo azoka ekologikoan aurkeztutako ekimenaren helburua da landatutako bioaniztasuna sustatzea, baita galzorian dauden barietateak mantentzea eta berreskuratzea ere
  • Egun, hamar ekoizle baino gehiagok osatzen dute sarea, eta 100 barietatetik gora ekoizten dituzte

Aleka, irabazi-asmorik gabeko hazi-ekoizleen sarea, egungo hazi merkatuaren alternatiba gisa sortu da, multinazional handiek “uniformetasuna eta higadura genetikoa” eragiten baitute. Hala adierazi du Miguel Arribasek, atzo Zeraingo azoka ekologikoan aurkeztu zen elkartearen arduradun nagusiak. Gainontzeko herrialde garatuetan gertatzen den bezala, hazien ugalketa eta lan horri lotutako ezagutza tradizionalak “ia guztiz desagertu dira azken hamarkadan gure nekazaritza-ustiategietan”. Gainera, Arribasek azaltzen duen moduan, “Gipuzkoan ez da hazien ekoizpen profesionalik egiten, Tolosako babarrunak eta Ibarrako piparrak bezalako salbuespenak kenduta; eta ekoizten den gutxi hori autokontsumorako erabiltzen da”.

Hori dela eta, sektoreko profesionalei multinazional handiei erostea besterik ez zaie geratzen. Alekaren ordezkariak Jack-F1 tomatearen kasua jartzen du adibide gisa, gure sukalde-kulturan hain baloratua dena, hain zuzen. Monsanto enpresa-konglomeratuaren kontrolpean dagoen barietate hau ustiapen konbentzional nahiz ekologikoetan gehien ekoiztutako tomatea da. Hazizaleak elkarteak 2016. urtean egindako ikerketa baten arabera, Gipuzkoan ekoitzitako tomatearen %99 mota honetakoa da. Gainera, kasu gehienetan hazi hauen jatorria bereiztea ia ezinezkoa dela dio.

Errealitate honen aurrean, Aleka egituratzeko asmoarekin, nekazari, teknikari eta ikertzailez osatutako talde eragilea sortu zen duela bi urte. Biolur, ENEEK, Fraisoro ingurumen eta nekazal laborategia, Blasenea mintegia, Kimubat Paisaia eta Karabeleko ekonekazaritza etxaldearen babesa duen eta Euskal Herrian aitzindaria den proiektua da honakoa. Sektoreko eragileen koordinazio esfortzuaren ondorioz, anbizio handiko proiektua burutzea lortu dute. Hots, artisau erara ekoiztutako hazi ekologikoen komertzializazio zuzena egitea, egun dozena bat kide inguru elkartzen dituen ekoizle sare baten eskutik.

Modu honetan, elikadura burujabetzaren alde lanean dihardu Aleka, kalitatezko eta gure inguruneko ezaugarriei egokitutako haziekin hornituz merkatua. Halaber, familia-ekoizpen txiki eta agroekologikoen nahiz ekonomia jasangarriaren aldeko apustua egiten du. Ehun barietatetik gorako hazi ekoizpenarekin, azoka, mintegi ekologiko eta hainbat dendetan hasi da saltzen Aleka. Pixkanaka, ekoizpena indartzea du xede, baita sarea osatzen duten baserritarren kopurua handitzea ere.   Elkartearen erronka nagusietarikoa da, gainera, konpainia handi horiek ingurumen eta ekonomia jasangarritasunari egiten dioten kalte larriaz ohartaraztea, elikadura sektorearen katebegi guztien jabe egin baitira.

Atzera